Alzheimer politikorik ez

Gainean da urte politiko berria, nahiz eta uda honetan politikak ez duen opor handirik egin. Kataluniak piztu ditu oraingoan argi gorri-hori-gorriak. Ez da arrotza guretzat. Oroimen kolektiboan dago nola altxa zen jendea 2001ean, botoa eskuetan, herri hau defenditzera. Abertzaleek bat egitea eraman ezinda, hura geldiarazi zuten, ETAk tiroka eta Estatuak, bere botere guztiak eraso betean. PPk eta PSOEk Estatu arrazoiari heldu zioten Euskadiko Erkidegoa mendean hartzeko, Mayor Oreja eta Redondo Terrerosen arteko aliantzarekin. Galdu egin zuten: 33-32. Baina, hauteskunde gauean bertan esan zuten “proiektua perfekzionatuko” zutela.

Itun antiterrorista indartu zuten: espetxe politika estutzea eta ezker abertzalearen ilegalizazioa izan ziren perfekzionatze haren seinaleak eta 2008an Jaurlaritzako ituna sozialisten eta popularren artean. Geroztik, ordea, beste bide batetik jo dute, disimulu handiz eta askoz maltzurrago. Eraso zakarra utzi eta zapalketa findu dute, lezioa ikasita: herritar gehienak altxa egiten garela, demokratikoki eta batera, eta euskaldun gisa defenditzen dugula Euskal Herria. Beraz, zapalketa leuna, baina zapalketa. Samur samar egiten dute, gainera, abertzaleen arteko zatiketa medio.

Estrategia hori ez da aliritzira egiten. Oso pentsatua da. Urte hauetan alzhzeimer politikoa eragin nahian ari dira Estatuko botereak, euskal jendeak ea ahazten dugun euskaltasuna eta herri-kontzientzia, ea ez diegun belaunaldi berriei herri-sena transmititzen, ea galtzen dugun nortasuna. Helburua, asimilazioa: euskaldunak eta abertzaleak egon gaitezela espainolduta, Euskadiren etorkizuna finkatzeko urrats erabakigarria eman behar dugunerako. Espainian eroso eta konforme senti gaitezela, ez dezagula aldaketarik nahi, alderantziz baizik. Espainiak erabaki dezala gurekikoa. Zehar asimilazioa martxan.

Nabarmena da sarri etortzen dela Euskal Herrira Felipe VI.a, Espainiak batzen gaituela esanez eta Euskadiri herri izaera ukatuz. Iraina da eta ezinbestekoa da, errespetuaren izenean, gure herriaren duintasuna defenditzea. Pedro Sanchezek ere argi esan du PSOEk zer nahi duen Konstituzioaren erreformaren bidez: “Planteamos un avance del Estado autonómico hacia un Estado federal. ¿Eso qué significa? Significa articular de mejor manera la unidad de España”. PPren “Comprometidos con España” txosten politikoa bat dator: nazio espainiarraren batasuna da Konstituzioaren oinarria, Estatua ez da nazio anitzekoa baizik bakarrekoa, ez dago ez eskubide historikorik ez kolektiborik horren gainekorik eta Autonomia Estatuaren erreforma lege bihurtzeko ados jarri behar dira alderdiak, batez ere PP eta PSOE. Kutsu hori du Rajoyk eta Sanchezek lotu duten Segurtasun Nazionalaren Legegaiak, udako caralsol beroan.

Ondo dago jakitea PP eta PSOE zertan ari diren, Konstituzioaren erreforma dela eta: Espainiako batasuna estuago nola giltzatuko asmatzen. Giro honetan, gaur-gaurkoak dira Jose Antonio Agirre lehendakariaren hitzok: “El nacionalismo vasco y con él Euzkadi no podía aprobar ni dar su aquiescencia a ninguna Constitución española -cual fuera- porque el solo hecho de su aplicación en tierra vasca pugnaba con el estado de derecho anterior al año de 1839, que es la base jurídica entre otras de su demanda de soberanía. Y mientras ésta no sea satisfecha no cesará la protesta.”

Aurrera egiteko, oinarri politiko sendoak behar ditugu eta badauzkagu: “Euskadi da euskaldunen aberria” eta “Zazpi lurraldeetako euskaldunok herri bakarra osatzen dugu, jatorriz eta borondatez. Bere buruaren jabe den herria da gurea eta ez dugu beste soberaniarik ez aitortzen, ez onartzen”. Beraz, Espainia eta bere Konstituzioa, ezta zaharberrituta ere. Horiek, espainiarrentzako eta Euskadi, euskaldunontzako, bidezkoa eta zilegi denez. Guk erabaki behar dugu gure herriaren norabidea eta urrats guztiek izan behar dute Euskadi bere buruaren jabe izateko, bake eta demokrazia bideetan.

ETAren aldi luzean, oztopoa besterik ez dugu izan Euskal Herriaren erabaki librea hartzeko eta herri bezala aurrera egiteko. ETAren borroka armatua betiko bukatua delako gauzatu ahal izan da Nafarroan aldaketa politikoa eta gobernuburu abertzalea aukeratu. Ez da berriketako aldaketa. Madrilen ez dira besoak tolestatuta geratuko. Bada, Euskal Herrian ere ez. Badakigu Espainia ez dela berez mugituko Euskadiri herri izaera eta eskubideak aitortzeko. Geuk mugitu behar dugu eta herria indartu. Iruditzen zait elkarrizketari serio ekin behar diogula, lehendabizi bi indar abertzale nagusien artean.

Elkarrizketarako, gauza bat da beharrezkoa: nortasuna. Nor eta zer garen jakin beharra daukagu bestearekin hitz egiteko. Eta identitate hori, funtsean, herria maitatzea da. Aurren-aurrena, herriak behar duena eta jendearen ona. Elkarrizketaren muina hori denean, akordioa egiten saiatuko gara. Sortuko dira korapiloak eta askatuko ditugu handienak, elkarrizketaren dinamikan, errespetuz. Ondoren, hitzartutakoa defendituko dugu, bat eginda, herritarrak erakartzeko eta gizartean zabaltzeko.

Sinetsita nago aukera aukerako lanabesak dauzkagula alzheimer politikoari nahiz zehar asimilazioari aurre egiteko eta jendea pizteko eta berotzeko: funtsezko irizpideak, egindako bidea, “eskubidea” gure herria “antolatzeko eta harreman politikoetarako esparru propioa askatasunez eta demokrazia-arauz erabakitzeko” eta hori eragiteko elkarrizketa eta erabakia. Orduan izango gara bai, Euskadiren etorkizuna erabakitzeko gai. Okasioetarako, prest egon behar da. Presta dezagun okasioa.

Ez dago iruzkinik

Sorry, the comment form is closed at this time.