Baserritar ikuspegitik “papanatismoa” non?

Mundu guztiak daki maiatzaren 15a San Isidro dela, nekazarien patroia. Euskadiko makina bat herritan eta auzotan baserritarrek zelebratzen duten eguna.

Aurtengoan udal eta foru hauteskunde kanpaina gori-gorian dagoela harrapatu du San Isidro egunak, eta, egunari berea emanez, alderdi ezberdinetako bozeramaleak ikusteko aukera izan degu, nekazaritza arloan bakoitzak bere proposamenak aditzera emanez.

Atentzioa deitu zidaten, bereziki, EHBilduren hitzek. Ez hainbeste azaldutako asmo politikoen inguruan egia esan, azkenean Teleberriko korte batetik haratago Bilduk Gipuzkoan lau urteotan aurrera eraman duen politika, gutxi edo gehiago, ezaguna zaigulako.

Oso hitz gutxitan laburbilduz, ezker abertzaleak bere muturreko eragileei ameto emateko duen joera horretan, Gipuzkoako baserritar asko eta asko benetan haserretu duen politika.

Atentzioa deitu zidana erabili zuten hizkera izan zen: “campesionak” gora, “campesinoak” behera.
Orain modan jarri dute bada “campesinoena”… Podemosek ere antzeko erretolika bota zuen, hauek ere “campesino” zaleak. Ezkerreko hiztegia, nonbait. Ertameriketatik gureganatzen ari diren hiztegia.

Eta neuri batere gustatzen ez zaidana. Zergatik? Gurean beti baserritarrak baserritar izan direlako, eta baserritar izaera eta izatea harrotasunez errebindikatzen dudalako (aspaldian baserria galdutako baserritarren familiakoa banaiz ere).

Gure baserritarrak “campesino” bilakatzeko inolako beharrik ikusten ez dudalako, eta aldiz bai, bere horretan, euskal baserritarrei beren jardueraren duintasuna aitortzearen beharra.

Aizue, ezin hasiko gara orain azaltzen ezker abertzaleak guztion hiztegia beraien gustura egokitzeko duen arrakasta, aitortu dezagun (demagun gizarteari “jendarte” izen exotikoa ematerakoan edo Euskadi Ta Askatasuna izeneko “erakunde” malapartatuaren beraren izena gutxietsi nahi duen “Gora Euskal Herria Askatuta!” oihuz sinarazterakoan).

Baina hala ere… ezker abertzalearen gurari txolinei errazegi men egiteko asmorik izaten ez dudanez ba… txio bat okurritu zitzaidan.

Gutxitan, baina batzuetan atsegin dut twitterreko itsaso sakonetan zanbulu egitea… eta ezker abertzaleko profilak “motibatzea”…  (Politikaren egunerokotasunari halako emozio plus bat eman nahian edo). Eta… hauxe bururatu eta idatzi nuen:

Aupa! Zorionak baserritarrei beren egunean (campesionak zoriondu ditzala Bilduk edo Podemosek) 😉

Ene!! Eta bai asmatu ere karnatarekin!! Zumaiako haitzetan salabardoan jartzen genituen atun buruek hainbeste izkira inguratu izan balituzte, ederra mauka!! Ea hor ezker abertzale osoa amuari kolpe egiten! Permach, Otegi, Otegiren semea, Ibaibarriaga, EHBilduren profil ofizialak, ez ofizialak… denak!!

Zalantzarik ez dago: EHBilduren nahiera da euskal baserritarrak “campesino” bilakatzea. Baserritar izateak ez baitu, EHBildurentzat –antza denez- nahikoa bermatzen subjektu iraultzailearen kalitatea, eta San Isidro eguneko hamaiketakoan elkartzen diren baserritar koadrilak “masa kanpesinoz” mozorrotuta nahiago dituzte.
Besteak beste, Pernando Barrenak erantzun dotore bat eman zidan: “Klasismoa, harropuzkeria… papanatismoa!!” zioena.

Aiii… Pernando… gurean aspaldi hil ziren Errekatxoko Nikolasek eta Zabaleko Julianak irakurri izan balute zure erantzuna ederki askorik argituko zizuten beraien ikuspegiko zein den “papanatismoaren” definizioa.
Nahiz eta, haiek, baserritar peto-petoak izanik, “harropuzkeriaren” esanahia “papanatismo” hitz erdaldunarena baino askoz gehiago ezagutu.

Eta harroputzak berriz, … urrutitik antzeman.

Ez dago iruzkinik

Sorry, the comment form is closed at this time.