Behin batean (beste) udal pleno xelebre bat (Antzuolan)

Udal aurrekontuak aurrera ateratzeko udal pleno batek ematen ote du ipuin bat kontatzeko? Ez dirudi gai aproposa, baina hau idazten jartzerakoan, erronkari egin diot.

Bildu 7- gainontzekook (EAJ udaltekook) 2. Edozein bozketarako ez da handicap makala, beti ere gure kaltetan, jakina.

Honetaz ari garela, gure talde-kide eta lagun zen Eliseo García gogora ekarri nahiko nuke. Baina bera bizi izan balitz ere ez litzatekeen asko aldatuko gaurko ipuintxoa.

Prepotentzia politiko izugarriaren inguruan josi nahi dudan ipuina.

Ohikoa izaten da aspaldidanik, leku askotan, oposizioaren ahotik gobernuaren kontrako “prepotentzia” salaketa egitea. Azken finean, erraz samarra suertatzen baita, botereak beti dakarrelako berarekin halako “prepotentziakeria” kutsu bat. Tira, hau irakurtzen ari zareten Bildutarrentzat: Bildu agintean dagoenean izan ezik, hori jakina da. Nola ba izan prepotente, “transparentzia”, “partaidetza”, “”herrikoi” izaera, “beste politika baten gordailua”… den aukera? Ontologikoki ezinezkoa!!

Non ikusi da udal aurrekontuak Ogasun Batzorde bakar batean azaldu izana? Antzuolan. Goizeko 8t’erdietan biltzen den batzorde horietako batean, eta… handik zuzenean Ez-Ohiko Pleno batera.

Portzierto, “ohikoak” baino askoz ere ohikoagoak diren “ez-ohiko” pleno horietako batera.

Plenoetan, edonola, ohikoa izaten da talde guztiek hitza erabiltzeko eskubidea izatea (tira, iazko Antzuolako aurrekontu plenoan izan ezik, Alkate andereak hitza ukatu bait zigun. Baina hori ere, ez da, jakina, prepotentzia zantzua, Antzuolan Bilduk ohizkotasunez egiten dituen hamaika “akats” horietako baizik, zeinek uka!)

Aurtengoan hitz egin izan ahal dugu. Eta gure ezezkorako arrazoiak azaldu. Ez zitzaizkien gustatu arrazoiak, bistakoa izan zenez.

Ez zitzaien gustatu Bildukoei Bildurena ez den herri-ordezkaritzarekin erabat oztopatzaile, ilun eta transparentziaren kontrako izatearen gure salaketa. Irakurle, aukera baduzu, eskura ezazu aurrekontuen dokumentua (web orrian nekez) eta zera ikusiko duzu: ez dagoela partida bat bera era, ez eta bat ere, zertarako den adierazten duenik. Beno, bai, bakarra: udaletxeko igogailuarena. Eta berori ba… Antzuolan, ohikoa denez, Udaletxe bakarra dagoelako.

Bildukoei ez zitzaien ere gustatu, urtero-urtero, geroz eta handiago, Atez-ateko zabor bilketak eragiten duen zuloa agerian utzi izana: 2013an 70.000 eurotako zuloa, 2014ean 80.000 milakoa eta 2015ean berriz, 91.000 eurotakoa. Hiru urtetan, zabor bilketaren defizita: 241.000 euro. Esan genuenean hamar urtetan xahututakoarekin Antzuolarako gauza handiak egin zitezkeela… haserre samar agertu ziren. “Ingurumenaren alde!” esan zuten, “herri erditik pasatzen den makro-azpiegitura-suntsatzailean gastatutako diruarekin bai egin zitezkeela makina bat gauza!!” oihu egin zuten. Eta oihuak bere grazia eduki zuen: bat, jakin badakitelako (nahiz Bilduri orohar berdin zaion egia zein den jakin arren egia ez dena sinestea) trena Madrilek ordaintzen duela eta, logikaz, diru hori trenerako edo beste ezertarako ez dela. Bi, “herritik pasatzen diren makro-azpiegitura-suntsitzileen” artean… Aldundiak ordaintzen duen errepidea ahaztu zutelako.

Gauzak horrela, bereziki salatu genuen “Mankomunitate eta kontsortzioei” izenburu duen partida, ia 400.000 eurotakoa: zein mankomunitatera zer nolako programetarako inolako aipamenik gabeko partida. Ez da bidezkoa udalaren gastu zatirik handiena horrela bentilatzea aurrekontu batean. Eta orduan… alkatea eta bere zinegotziek antzezpen txiki bat egin ziguten: guk ez genuela ikusi, baina partida horren xehetasunak “dokumentuan gorago” zeudela zin eginez. Ia konbentzitu gintuzten gure hanka sartzea izan zela… baina ez. Guri bidalitakoan ez dago horren inolako  aipamenik, ez goian ez behean, ez albo batean. Harrapazan!

Eta Antzuolako aurrekontuen ipuina amaierara hurbiltzen ari zela, azken kapitulu interesante bat aipatu genuen: Alkatearen soldatarena. Bilduk jeitsi egin zuen soldata agintaldi honen hasieran, aurreko ANVeko alkateak zeukanarekin alderatuz. Guk orduan esan genuen ez geundela ados, ez genuela uste orduan izendatu berria zen alkate andereak bere aurrekoak baino gutxiago kobratu behar zuenik, ez behintzat alkatetza batek behar duen dedikazioa eta gogoa jartzeko asmoa bazeukan. Eta zer da eta orain, azkenengo aurrekontuan %27a igotzen dute alkatearen soldata. Ba, aizue, izan zuen esplikaziorik alkate beraren ahotan: “hauteskunde ondoren gehiago kobratzea erabaki det”. Beraz, 2016an Antzuolako alkate izango denak (oraingoa izan, edo –ikusteke dagoena- besteren bat izan) %54 gehiago kobratuko du urte osoan, %27ko igoera ekainetik aurrera aplikatuko bada aurtengoan. Bitako bat: edo gutxi kobratzen aspertu da, edo Bilduk buruan duen hautagaiak oraingoak baino gehiago merezi du.

Eta honekin, eta beste batzuekin, bukatu zen azken plenoko kontua. Etorriko den udal gobernuak oraingoak baino kudeaketarako grina gehiago eta prepotentzia gutxiago izatea espero dugu. Badauka non hobetua.

 

Ez dago iruzkinik

Sorry, the comment form is closed at this time.