Bildu: foru absolutismorik ez

Nora eraman nahi dute Gipuzkoako erakunde-sistema eta gizartea bera, gehiengoaren erabakiak aintzat hartzen ez badituzte?

Bakea, indarkeriaren amaiera baino gehiago da, entzun diegu ezker abertzaleko, Bilduko eta EH Bilduko zenbait bozemaileri esaten. Bai, noski, egia da. Bakea, bakezko balioak barneratuz eta bakezko jokaerak eta ohiturak gauzatuz egiten da. Gauza bera esan dezakegu demokrazia eta politikari buruz ere. Indarkeria amaitu eta gero ez da demokrazia eta politika gauzatzen zuzen-zuzenean eta, beste gabe, botoiari emanda argia pizten den bezala. Hori baino gehixeago kostatzen da demokrata eta politikoa izatea eta izate horren arabera jardutea.

Ezagun du Gipuzkoako Foru Gobernuak ezker abertzalearen ukitua. Ukitua baino gehixeago. Izan ere, Martin Garitano Ahaldun Nagusi duen Bildu koalizioak, hemen gauza batek balio duela adierazten du: indarrak. Indarrak, eta kito. Lehendabizi, Gipuzkoako parlamentuari bizkar emanez eta horien erabakia urratuz egin du Bilduk zaborren kudeaketari buruzkoa: gehiengo osorik gabe gezurraren indarrez ezarri. Horren ondoren, Juan Karlos Alduntzin Ingurumen Diputatua gaitzetsi zuten Batzar Nagusiek. Eta hura kargutik kendu ondoren, Alduntzin bere kabinete-buru izendatu du Garitano Ahaldun Nagusiak. Harroxko eta burugabe. Harrokeria eta zentzugabekeria horrek gaizki egina aitortzeko ausardia eza erakusten du. Baina baita Bilduren estiloa ere, ezker abertzalearen seilua eta marka daramana. Zer da hori?

Herriari eta erakundeei errespetua galtzea. Oso gauza serioa da errespetua galtzea, ondorio larriak baititu. Izan ere, zer geratzen da errespetua deseginez gero: boteretsuenaren indarra, lege-erabilera bidegabearen indarra? Zertan oinarritu nahi du Bilduk herria gobernatzeko: desobedientzian, arduragabekerian, mespretxuan, zapalketan?

Demokraziari iruzur egitea. Zein herri du pentsamenduan Bilduk, ezker abertzaleak, halako jokabideekin? Zer pentsatzen du boto-emaile bakoitzari buruz, hautesleriari buruz eta Gipuzkoako gizarteari buruz: heldugabeak direla, edozer gauza egitea libre dela uste dutenak, botoa eman eta gero hor konpon esaten dutenak? Bere buruaren jabe ez den herri geldo eta akritiko bat nahi al du, Foru Aldunditik gogoak ematen diona egin ahal izateko inori konturik eman behar izan gabe?

Politika eta demokrazia hondatzea. Oso bide arriskutsua da eta burugabea, kalte handia egingo duelako, zuzendu ezean. Azken finean, demokrazia eta erakunde sistema bera suntsitzera darama jokabide horrek. Zertarako balio du politikak herriaren eta herritarren aurrean, Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Bilduren gobernuak demokrazia indarraren legez behartzen ikusita? Zergatik bete behar du herritar batek edo gizarteko elkarte batek erakundearen agindua, erakunde horrek berak herriaren gehiengoari bizkar ematen badio eta demokraziazko jokalegeari kontra egiten badio? Eta zer balio du politikak demokrazia hautsiz gero, eta zer balio du demokraziak politika ustelduz gero?

Elkarrizketak eta akordioak indargabetzea. Alderdien arteko mesfidantzari atea parez pare zabaltzen ari zaio Bilduren foru gobernua. Zerk bermatzen du ezer, elkarrizketa batean adostutakoa bete egingo dela, eta are gehiago, elkarrizketak berak zerbaiterako balio duela, horrelakoak ikusita? Nora eraman nahi dute Gipuzkoako erakunde-sistema eta gizartea bera, gehiengoaren erabakiak aintzat hartzen ez badituzte?

Ez gara, zoritxarrez, aldi berriaren arrastorik ikusten ari Bilduren, ezker abertzalearen gobernatzeko eta politika egiteko eran. ETAren jarduera armatua eta indarkeria amaitu ondoren, ezker abertzaleak eta bere mende hartzen dituen egitura politikoek, zer ikasi handia dute bake, politika eta demokraziari buruz. Gipuzkoan ikusten ari garenak ez dauka zerikusirik tradizio abertzalearekin eta euskaldunarekin: errespetuarekin, elkarrizketarekin, gehiengoaren erabakia betetzearekin.

Baina ez bezate uste ezker abertzaleak ez Bilduk, azken lotsagabekeria eta probokazioaren ondoren, EAJ-PNVk fronterik egingo duenik foru-gobernutik kentzeko, nahiz eta hori duten amets. Ez, bada. Goberna dezatela. Sortu dezala ezker abertzaleak aldi berria lehenik bere barruan eta gobernatzeko eran. Horretan bat egin ahal izango dugu.

Bitartean, ikusiak ikusi, jakin bezate ezker abertzaleak eta Bilduk: EAJ-PNVk ez du onartuko Gipuzkoan foru-absolutismoa ezartzerik, dena herriaren izenean baina herriaren aurka. Gehiegi jasanarazi digute hortik askori eta askori. Sobera kalte eta bidegabekeria izan dugu ETAgatik eta dinamika politiko-militarragatik. Urtetan salatu eta gaitzetsi dugu hori. Bada, orain ere ez dugu onartuko indarkeriarik, are gutxiago foru-indarkeriarik.

Ez dago iruzkinik

Sorry, the comment form is closed at this time.