Denboraren indarra

Egunkari bateko azalean ikusi dut: «ETA confirma su disolución».

Eta denborak gugan duen indarraz pentsatu dut.

Dezente erraza egiten zait garai bateko uneak gogora ekartzea, une txikiak neure historia txikikoak. Une hoietako bizipenak, sentipenak, pentsamenduak.

Neure burua ikusten det, adibidez, 1989ko azaroak 22, Bilboko Arenalean. Josu Muguruzaren erailketagatik Bilbo itxita: asteazken buruzuri batean, denda eta taberna guztiak itxita, Herri Batasunak deitutako greba orokorrarengatik. Eta gu, zer egin jakin ez, eta Arenalera hurbildu gara. Arenala, Ripa, Udaletxeko pare osoa, zubiak, jendez gainezka, Milaka eta milaka eta milaka lagun Bilboko iluntze hartan. Bapatean, isiltasuna hausten du milaka eta milaka eta milaka lagunen eztarrietatik sortzen den marruak, ondo markatutako erritmo sakon ikaragarri batekin: Gora-ETA-mili-tarra! Gora-ETA-mili-tarra! Jendetza haren oihuaren erdian, Arenalak burrunba egiten du.

Gutxitan izan det horrelako sentsaziorik.

Bapatean konturatzen naiz herritik joandako kuadrila baten ondoan gaudela, eta harriduraz begiratzen gaituztela. Eta burrunba hipnotiko haren erdian zeharo lekuz kanpo gaudela konturatuta, Deusturako bidea hartzen dugu oinez, trenak ere geldirik ziren eta egun hartan.

Eta gaur, «ETA confirma su disolución» irakurrita, jende gehienak, egunkariaren orria pasa du, gainetik begirada bat botata.

Nik ezin izan dut ahaztu 1989ko egun hartan sentitutako itomena.

No hay comentarios

Sorry, the comment form is closed at this time.