Ezker abertzalearen amarrua: agenda paraleloa

Beste behin (ere) Larraitz Ugarte anderea hor agertu zaigu, bere etengabeko ikerketen emaitza “eskandalugarriak” azalduz. Lehen aurkeztutako kereiletaz haratago, etengabeko saiakera eginez, miloiak eta miloiak gehituz bere ustetan AP-1etako obretan lapurtutakoari.

Ez det uste azken honekin amaitutzat emango duenik, iruditu zait bidea zabalik utzi duela datozen egunetan bere salaketak barreiatzeko.

Ondo kalkulatuak dauzka, Ugarte andereak, bere estrategiaren denborak.
Berak, eta, nola ez, ahalegin honetan sozio duen Alderdi Popularrak. Bakoitzak bere botere eremua galduko ote duen beldurrez, biak bat hartuta EAJren kontra.

Ondo kalkulatuta dauzka denborak, bai, Ugarte andereak, kanpaina bete-betean, Gipuzkoan eta Donostian EHBilduri itzala egiten dien EAJko bi kandidatuei hozkada noiz joko, aspaldidanik prestatzen ari den estrategia horretan.

Ez da behintzat lotsak hartuta atzean geratuko gure Larraitz.

Egibarrek Stasiarekin alderatu ditu, gaurko prentsaurrekoaren irudien korajea ikusita, EHBilduko hauei Stasia txiki geratzen zaiela iruditu bazait ere.

Esku artean daukat EHBilduk, edo Sortu berak, ez dakit, “Europako Hauteskundeen balorazioa” egiten duen dokumentu bat (“Barne Zirkularra”).

Irakurri nuenean ez zidan bestelako kontu berririk aditzera eman, egia esan, urte batzuk badaramatzagu eta herrigintzan. Baina hainbesteko eskarmenturik ez duenarentzat, badago dokumentu horretan oso adierazgarria den zati bat, ezker abertzalearen kanpainen diseinua nolakoa izaten den adierazten duena:

“Hauteskunde kanpaina bikoitza eginez –kanpaina arrunta eta “agenda paraleloa deritzoguna- asmatu dugu. Gainontzekoen jarduera baldintzatzeko “agenda paraleloa” eraginkorra izan da oso, batez ere EAJrena, zeren eta guztiek guk jarritako gaiak hizpide hartzea lortu izan baitugu. Kutxabank, AHT eta beste gai sozial batzuk kanpainan agerian izan dira beste batzuetan baino nabarmenago.”

Agenda paraleloa”: ezker abertzalea baldintzak jartzen dituena, eta EAJ, haren “baldintzen” erritmora dantza egitera behartua. Betiko kontua, ezer berririk ez.

Kutxabank, AHT…, fracking-a, etxebizitzak doan eskuratzeko -edo- hitzartu duten ezinezko “inbentoa”, eta beste hainbat (adibidez, Arraizek Legebiltzarrean, erabakitzeko eskubidearekin egin duen erabilpen friboloa?)

Eta Bidegi/AP-1a, nola ez. “Agenda paralelo” perfektoa.

Larraitz Ugarte andereari pasaportea eman dio jada ezker abertzaleak, jakina da, baina “funtziotan” ari den bitartean soka luzatzen dio, komeni zaiolakoan, jakina, “agenda paraleloaren aplikazio praktikoa” egiten.

Astean zehar izorratzen dena asteburuan, plazan, jostorratzarekin konpontzen delakoan?

Ez dago iruzkinik

Sorry, the comment form is closed at this time.