Atez Ate…irabazi arte?

Urtarrilaren 8an, Euskadi Irratiko Faktoria saioan, Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariari eginiko elkarrizketa entzuteko aukera izan nuen. Elkarrizketarako aitzakia aipatu kazetaria liburu bat argitara eman berria dela, Su haietatik ke hauek izenburupean.

Hasieratik arreta berezia piztu zidan elkarrizketak, ez hainbeste —enegarren aldiz— zabor kontuei emana zelako, neure izena aipatua izan zelako baizik, eta bitxikeria horrek lotu ninduen irratira. Nik BERRIAk antolaturiko mahai inguru batean esan nuen esaldi bat, eta egileak jaso duena hartu zuen Faktoria-ko esatariak saioari ekiteko: «Nork esan behar zuen herri honetan gertatu diren guztiak gertatuta, azkenean hondakinak izango zirela eztabaidagai nagusia». 

Petxarromani entzun dizkiodanak ez zaizkit berriak iruditu, Ezker Abertzaleko hainbat bozeramaile eta eragileri entzun edo irakurri dizkiegunen ildotik doazen argudioak besterik ez. Laburbilduz, betikoak: errauste plantak minbizia eragiten du, errausketa interes ekonomikoei makurtutako alderdiek defendatzen dute, inork ez du errauste plantarik nahi, Atez Atekoa da errausketaren alternatiba, eta errausketaren defentsa egiten dutenak egungo «energiaren eta porlanaren interesen menpeko eredu ez-jasangarriarekin» bat datoz, «naturari errespetua diotenen ereduarekin», hau da, Deshazkundearekin kontrajarriz.

Ideia nagusi horien azpitik, berriz, beste batzuk: EAJ nolabaiteko «manipulazioa» egiten ari da Gipuzkoan herriz herri sortutako eztabaidarekin, 5. edukiontziak ez duela balio PIGRUG-ak berak dio, Europako Zuzentarauak markatzen duen 4. alternatiba lehenesten dute errauste planta defendatzen dutenek, eta antzekoak.

Banan-banan kontra egiteko argudioak bururatu zaizkit elkarrizketa entzuten ari nintzen bitartean. Eta ezin ba erantzun gabe utzi. Aurrena galdera bat: ze interes dauka Petxarromanek demagogiaz eta faltsukeriaz aritzeko? Izan ere, ez da egia errauskailuek minbizia eragiten dutenik, gezurra da. Europa osoa josita dago horrelakoez —bueno, ez osoa, Europa aurreratuena baizik—. Ez da egia Atez Atekoa errausketaren alternatiba denik, erreala izango balitz ere Petxarromanen nahiera, alegia, %80-%90a «berziklatzea», ezinezkoa baita berziklapen tasa hori lortzea; ehuneko hori gehienezko bilketa sailkatuaren gehieneko portzentajea litzateke, eta hala ere nahiko lan. Beti egongo da jasotako guztiaren heren ez-berziklagarria. Ez da egia EAJ alderdia, ez alderdikideak ez alderdizaleak, eta zer esanik ez, ezta boto-emaileak ere, «interes ekonomikoetara» makurtzen garenik. Eta gure «eredua» dela eta, oro har, hitz pare bat erabiliko nituzke: arrazoizkoa eta aurreratua.

Petxarromanek ondo dio «gure ingurua zabortegiz beteta dago» esaten duenean, eta oraindik ere hobeto «ez dut defendatzen zabortegiena, ze erabat kaltegarria da». Horretan bat nator berarekin. Esan ez duena, ordea, Bilduk eta Zero Zabor plataformek onesten duten «garapen planak» proposatzen duena horixe dela: errausketaren alternatiba modura, zabortegiak han-hemenka Gipuzkoan zabaltzea.

Azken finean, egia da ba, nonbait, bi eredu daudela: bata, zaborren arazoari herri aurreratuenen pareko irtenbidea eskaintzeko diseinatua; bestea, Gipuzkoako bazterrak plastikotan bildutako zabor garestiz betetzea. Eta hortik aurrera, bakoitzak bere arrazoi edo sineskeria edo interes politikoen arabera aukeratzen du bata edo bestea (ez dut nik esango aipatu horietaz aparte bestelako «interesik» dutenik Atez Atekoa edo harrobi «egokituak» defendatzen dituztenek).

Zabor bilketaren inguruan herrialdeko bazter gehientsuenetan piztu den liskarra dela eta sortu diren Atez Atekoaren kontrako plataformen inguruan Petxarromanek egindako aipuak, EAJk bultzatutako nolabaiteko «manipulazioarenak» hain zuzen, erantzuna merezi al du? Hamarkadetan, zenbat plataforma eta talde ezagutu ditugu Ezker Abertzaletik jaioak, Ezker Abertzaleko kideez osatuak eta Ezker Abertzaleak bere asmo politikoetarako erabat maneiatuak, eta horrela izanda, herritarrena ez ezik, herriaren beraren borondatearen erakusletzat aurkeztu direnak? Dozenaka. Nahiz eta guztien artean, urteetan, nekez lortuko zituzten Gipuzkoako herri gutxi batzuetan sei hilabetetan jasotako 70.000 sinadura.

Gipuzkoarron zaborren arazoa ez da konponduko «borroka ideologikoa indartuz», eta ezta ere «eztabaida nagusi honetan birkokatzeko estrategia politiko berria definitzetik», nonbait irakurri dudan bezala. Eta Ezker Abertzalearen lehentasunak, «gatazka politiko-armatua» amaitu den honetan, nekez pasatzen direla gipuzkoarrek nahi ez duten, onartzen ez duten, errefusatzen duten zabor bilketa sistema bat inposatzetik, bilketa dela esekitokiz dela espaloian mordoxkatuz.

Eztabaidak aurrera darrai, «eredua» gora «eredua» behera, eta bitartean Gipuzkoako zabortegiak honezkero gainezka egiteko zorian, herritarrak haserre begirunerik ezagatik, esleitutako kontratuen egoera auskalo zertan den, eta horiei huts egiteagatik erator daitezkeen erantzukizunak, berriz, batek daki zenbatekoak izan daitezkeen —zuzenean gipuzkoarron diru publikotik ordaindu beharrekoak—.

Gure zabor organikoa harantz eta honantz garraiatuz gabiltzan bitartean, eta Zero Zaborrekoak «Atez Ate Irabazi Arte» goi mailako jomuga politikoarekin ari diren bitartean, Gipuzkoako herrialde osoan, itxura batera, ez dago bestelako ingurumen arazorik, «naturari naturarena dena bueltatzea» baino. Hori bai, plastikotan txukun-txukun bilduta.

 

No hay comentarios

Sorry, the comment form is closed at this time.