29 jul. BORJA JAUREGI OROITUZ ETA… BESTE BATZUK HOBE LUKETE ISILIK EGON
Borja Jauregi, Hondarribiako alkate izandakoa, zendu da. Neu alkate nintzela bera ezagutzeko aukera izan nuen, gizon azkarra, esku artean zuen lanagatik benetako ilusioa sentitzen zuena, sinesten zuen horretan zituen indar guztiak jartzen asmatzen zuena.
Hilabete luzez gaisotasun ankerraren kontra egiten ahal izan duen guztia jarrita gero, denori gertatuko zaigun bezela, heriotza gailendu zaio.
Borja Hondarribiako alkate izan zen, eta ondoren, Bidegi elkarte publikoaren zuzendari. Bere zuzendaritzapean gauzatu zituen Bidegik Gipuzkoan ditugun errepide handienak, Lurraldean aspalditik genuen kolapso egoerari irtenbidea emateko balio izan dutenak (ai, zein hauskorra den gure oroimena eta zein azkar ahazten ditugun arazoak hauek konpontzen diren urrengo egunean!).
Oroimenaren ahultasunari aurre egin nahian idazten det, Jauregik egindako lana erreibindikatuz, nire hitzek izan dezaketen eragin txikiaren jakitun, baina hala ere hitzak zilegi den horretarako erabiliz: joan zaigun lagun baten izen onaren alde egiteko.
Beste batzuk ez dituzte, zoritxarrez, horretarako erabiltzen beren hitzak, kontrakoa egiteko baizik: lagun urkoaren ahalegina baliogabetzeko, bestearen izen ona zikintzeko, gaizki esaka jarduteko.
Eta hauen hitz bihotz gabeek, gaiztoek, gehiegitan indar izugarria lortzen dute.
Borja Jauregiri hilobira eraman duen gaixotasuna azaldu baina hilabete gutxi lehenago, beste egoera bat pairatu beharra sortu zitzaion, Bilduren Aldundiko agintarien estrategia: berak egindako lanaren deskalifikazio publiko eta sistematikoa.
Ez bakarrik egindako lanarena (bere horretan nahiko mingarria), baizik deskalifikazio pertsonala.
Manipulazioak, gezurrak, salaketak, irainak… baten batzuren ahotan sasi-tresna politiko bilakatuak, “ideologiaren” mantupean justifikazioa eskasa argudiatuz.
Hori izan da Borjak, eta bere familiak, jasan behar izan dutena, heriotz zigorrari aurre egiten zioten bitartean.
Ez dakit hau guztia idazteko asmoari ekingo ote nion txio tamalgarri batekin topo egin ez banu. Ni ez naizenez bera den bezalakoa ez det bere izena jarriko baina norbaitek komunikabide jakin batek emandako Borjaren heriotzaren albisteari ezker abertzalearengandik sortu diren salaketa faltsuen laburpenari #EgiaBorobila erantsita erantzun dio.
«Nor, #Bidegi-n eragiketa ilunak egin eta izugarrizko zulo ekonomikoa sortu zuen zuzendari oiha? #EgiaBorobila»
Eta… zer nahi duzue esatea? Tristetu egin nau. Badagoelako maltzurkeriari bide eman nahi dionik baita heriotzaren langatik haratago ere.
Hori idatzi duena udaletxez udaletxe dabil, Bilduko udaletxez udaletxe, Internet “sare autogestionatu” bat egin asmoz, ez enpresa baten bitartez, baizik erroldan alta emandako kultur elkarte baten eskutik. Lehen bai, lehen enpresa bat izan zuen, garraio enpresa, seguruenik Borja Jauregik landutako errepideetan zehar ibilitakoa, edo akaso ez… Estatuko Boletinak, enpresa hura guztiz kaudimengabea izendatu bait zuen, eta beraz, jabeei beste ondasunik topatzen ez zitzaien bitartean, utzitako zorrei aurre egin ezinean, zorretan, geratzen zena.
Baina ni bera bezalakoa ez naizenez, ez det ziurtatuko enpresaren kudeaketa zuzena izan ez zenik, ez naiz sartuko utzitako “zuloen” neurria hartzen –horiek bai “zuloak”, ez Bidegik errepideak egin ahal izateko eskatutako kredituenak-, nik ez det esango “sare autogestionatua” bere bidea “iluntasunean” egiten ari denik, ni ez naiz hasiko azkenean txiozaleak zorrak kitatu dituen edo ez espekulatzen (ez bait daukat horren arrastorik).
Esango dudana, hori bai, zera da: zenbaitentzat errazegia dela besteen lana eta izen ona zapuztea, isilik egotea hobe luketela kontutan izan gabe.
Eta azken esaldi hori ez doa soilik idatzi hau inspiratu duen txiolariarentzat zuzendua.
Nire oroimena, Borja.
Sorry, the comment form is closed at this time.