21 may. Geurea delako
Euskal politikaren hautsak harrotu ditu “euskara da euskaldun egiten gaituena” esaldiak. XXI. mendeko 22. urtean, hemen, Euskal Herrian, ez beste inon, anatema bihurtu ez digute ba euskaldun batek, buruzagi abertzale batek, euskarak egiten gaituela euskaldun esatea! Beno, zehazki, “euskal pluralista espainolistak” ibili zaizkigu euskara dela euskaldun egiten gaituena madarikatzen.
Euskadin denok euskaraz biziko bagina, Euskadin bizi garen guztiok euskaraz egingo bagenu, hitzok ez zuten inolako harrabotsik sortuko. Izan ere, euskaldun den edonorentzat begi-bistakoa baita baieztapena: geure buruari “euskaldun” esaten diogu, hain zuzen, euskara “dugulako”.
Baina Euskadin, Euskal Herrian, denok euskaldun izatea irudikatze hutsa txakur-ametsa dela esango dizu edozeinek, Espainian, Frantzian, Alemanian, Italian edo nonahi ez bezala. Herrialde horietan guztietan, globalizazioa globalizazio, eta pluraltasuna pluraltasun, bertan bizi den ia-ia jende guztiak ezagutzen du bertako hizkuntza “nazionala”. Zer erremedio! Gainontzekoetako Konstituzioak ez ditut ezagutzen baina Espainiakoaren eta Frantziakoaren tankerakoak izanik, beharko Estatuaren hizkuntza jakin: “el castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla”.
Aldiz, Espainiako Konstituzioko artikulu berak ezarritako mugetatik atera ezinik, Gernikako Estatutuak Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara dela aitortzeaz gain, euskara “ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea” bermatzen die euskal herritarrei. Eta ez, ez dira gauza bera, jakitera behartzea eta jakiteko eskubidea onartzea.
Honetaz ari garela, galdera bat: euskara “ezagutzeko eta erabiltzeko” eskubidea ez ezik, ez ote daukagu euskaldunok euskarak euskaldun egiten gaituela esateko eskubiderik? Noiz galdu dugu ba gure hizkuntzaren logikak, eta euskal senak berak, betidanik eskaini diguten geure izatearen definiziorik jatorrena? Bada, galdu izango dugu, nonbait. Edo horrela sinestarazi nahi digute. Nork? Betikoek: sasi-pluraltasunaren defendatzailetzat aurkezten zaizkigun espainolistek.
Adibidez, PPko Carlos Iturgaizek, Joseba Egibarrek esandakoak euskal abertzaletasunaren “supremazismoaren” seinalea ematen duela bota zuenean. Adibidez, PSEko Eneko Anduezak, “EAJk alamena ematen du” esan zuenean. Voxekoak ere, nola ez, berea bota behar izan zion nahaspilari eta esandakoak euskaratzean, zailtasunak eman dizkit: “euskaldunak ez gara euskara” idazten hasi naiz, baina berehala konturatu naiz ezin dela horrela itzuli, are gehiago, “los vascos no somos euskera, los vascos somos personas españolas” esan zuela ikusirik. Aprobetxatzen dut hauxe argitzeko: nahi duena esango dute, baina ni neu behintzat ez naiz sekula “persona española” izan. Gure herriko alaba izanik, ez delako nire aukera izan espainol izatea, Espainiako Historia supremazistaren ondorioz –hemen bai, hementxe egokitzen da supremazismoa esatea–, NaN gorri-horia ibili beharra gertatzen bazait ere.
Aparteko bat egin nahi diet Podemosekoei, errolda administratibo hutsaren defendatzaileei (“vasco es quien vive en Euskadi”). Arrazoi dute horretan: ez nik ez beste inork, ez du ukatuko horrela dela. Hain zuzen, GBBko presidenteak berak halaxe esan zuen Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketan: euskal herritarra “Gipuzkoako, Arabako edo Bizkaiko edozein udalerritan erroldatuta dagoen edonor da”, beste hau esan ondoren Donostian egin zituen hitzei buruz: “ez daukat zer zuzendurik, esandakoa egia borobila da eta euskaldun guztiek badakite hori”.
Bestelako kontua da, horretaz ari garelarik, hemen, Euskadi osatzen duten zazpi lurraldeetan, bertako hizkuntza propioa ezagutzeko legezko betebeharrik ez izateaz gain, ez daukagula, ezta ere, herritarrei bertako nazionalitatea emateko inolako ahalmenik. Historiak, oraindaino, aginte hori ere ukatu egin digulako euskal herritarroi –euskaldunoi jarri behar nuen, baina ez da nire asmoa minberatasunak areagotzea, ezta itxurakeriazkoak eta alderdikeriaz blai eginikoak izanda ere–. Beraz, nazionalitate faltan, erroldarekin konformatu beharko!
Podemosi buruzko aipamenarekin jarraituz, beste hau ere esan zuten: “Nazioaren ikuspegi kulturalista erreakzionarioa da. Duela bi mende gainditu zen”. Hauena gogorra da, gogorra denez. Buru-belarri politika identitarioen lehian murgilduta egonik, ez dute lotsarik euskal herri izatearen sustraia bera mespretxatzeko. “Erreakzionarioa” dela, alajainetan, euskaldun egiten gaituena euskara dela esatea. Tira, tira. Hobe lukete hitzak neurtuko balituzte Herri honetako gehiengoaren sentipena erdeinatzen ibili beharrean.
Eta nondik atera ote dute “nazioaren ikuspegi kulturalista” “duela bi mende” gainditu zela? Auskalo. Bazter guztietan –Espainian, Frantzian bezala, zer esanik ez–, hizkuntza hartzen da iraganarekin lotzen gaituen eta etorkizunera proiektatzen gaituen identitate-faktore eta komunitatea batzen duen sinbolo-loturatzat. Ez dut nik asmatu, hizkuntzalari andana dabil munduan zehar antzeko gauzak esaten. Egia da, bestalde, kontzeptu nazionalak botere-kontua direla: posizio hegemonikoa duenak talde nazionalen irudia sortu eta zabaltzeko aukera ere badu. Eta botere kontuetan, euskaldunok –bai, euskaldunok– aspaldiko mendetan herren eta urri gabiltza. Zoritxarrez, hegemonia, beti, Espainia eta Frantziaren esku.
Koldo Mitxelenak ederki asko azaldu zuen: “Funtsezko harremana dago hizkuntzaren eta herriaren artean, izan ere niretzat hizkuntza izan da gure herria modu nagusienean eratu duen elementua. Bestetik, uste dut herri baten historiaren zati handi bat erakusten duela hizkuntzak, herri baten iraganeko ondare argi eta garbiak dituela, edo are herri baten orainaldikoak”.
Pluraltasuna gora, pluraltasuna behera jardunez sasi-pluraltasuna sartu ohi diguten espainolistek sortutako hika-mikan, finean, betikoa dago: herriaren eta bere erabakitze eskubidearen ukazioa eta beraientzat baliozkoa eta legitimoa den identitate bakarrean, espainiarrean, asimilatzeko nahia. Izan ere, nolatan ausartzen dira “euskarak egiten gaitu euskaldun” esaldiak “euskal herritar askoren bazterketa” dakarrela salatzen, hizlari berak eta saio berean “EAJren proiektuak inolako bazterketarik gabe, pertsona guztien berdintasuna bermatzen du” esan bazuen? Ba beraien asmo politiko-identitarioaren mesederako etekin bila dabiltzalako. Euskaldunak baztertuz, bide batez. Izan ere, “pluraltasunak”, hauen ahotan, espainiar nazionalismoaren ikuspegia hartzen du soilik kontuan. Eta asmo horretan, egiak, oso borobilak izanik ere, bost axola zaizkie. EAJ-PNVren azken Batzarrean onartu genuen ebazpenak argi egiten du nahasmen maltzur honetan: “Aniztasunaren alderantzizkoa ez da identitate propioa, uniformizazioa baizik”. Uniformizazio espainiarra, eta frantsesa, kultura hegemonikoen uniformizazioa.
Sortu duten polemika honek guztiak izan du behintzat bertute bat, eta ez txikia: batzuk sutan jarri diren neurri berean piztu ditu euskal abertzaleak, izan euskaradunak edo ez. Piztu eta poztu. Euskara igo da izenburuetara eta beraz, lehen aipatu dudan ebazpenak dioen bezala, “Euskal Herria izateko funtsezko osagaia eta Euskadi eraikitzeko ezinbesteko eragilea” euskara dugula pentsatzen dugunok, gertatutakoaz solasteko eta hausnartzeko aukera ezohikoa izan dugu. Dena den, printzipio hori barneratuta izan arren, abertzaleok, euskal gizartea bere orokorrean bezala, ez gara itxiak, alderantziz. Euskadin berezko hizkuntza dugu, eta beste bi ofizial edo koofizialak. Horretaz gain, badugu gaitasuna beste hainbat hizkuntza ikasteko ere, askok eta askok egin bezala. Erdarak, nonahikoa delarik ere, ez gaitu, ordea, euskaldun egingo. Euskarak bai, euskarak egiten gaitu euskaldun.
Lagun bati behin eta berriz entzun diot egun hauetan ideia bat: euskara zergatik? Gurea delako. Eta bi hitz soil horiexek ondo biltzen dute auzi honen guztiaren azpian dagoena: beste hizkuntzak ere baditugu, herritar guztien hizkuntza aukerak errespetatzen ditugu, inor ez da galduko gure artean gaztelania edo, kasuan, frantsesa soilik egiteagatik. Baina maite, euskara maite dugu, geurea dugulako.
Korrikaren amaieran Karmele Jaiok esandako hitzetatik batzuk hartu nahi izan ditut, euskararen defentsarako oso aproposak eta polemika itxuragabe honi markoa jartzeko egokiak irudituta. “Indibidualismoa indartuz doan garaian, egin dezagun euskara kolektibo bat, denon artean eta denona (…) eta sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik”.
Idazle arabarraren hitzek Bitoriano Gandiagaren oihartzuna dakarkidate. Euskara, hizkuntza bat ez ezik, herri bat ere badela dioenari neurtitzok irakurri dizkiogu: “Ez zara beraz euskaldun / Euskara egiten duzulako / Euskarak egiten zaituelako baizik.” Honenbestez, amaitzeko, su ematen ibili diren artikulista, propagandista, jardunlari, zaratari eta sasi-pluralistei dedikatua, Arantzazukoaren beste olerki txiki bat: “Euskara politika da, /esan eta / lasai dira geratzen / erdara dagitenak. / Beleak zozoari ipurbeltz. / Erdara zer da ba / politika ez bada?”.
Sorry, the comment form is closed at this time.