22 abe. Halako batean bilduko da, behar bada
Asaldurazko garaietan eskertzekoak izaten dira berri onak. Hona ba: Foru Aldundiak aurrekontua du 2026rako, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosen botoei esker. Berri ona da 1.296’5 milioi eurora heltzen delako, 2025ean baino %6 gehiago, inoiz ez bezalako dirutza.
Zenbakiez haratago, diru-kontuak lurralde eta zerbitzu publikoaren eredu baten ispilua dira. Batetik, kudeaketa eraginkorra erakusten dute eta, bestetik, etorkizunerantz jotzeko erabakia. Zaintza, gizarteratzea eta menpekotasuna lehenesteak (600 bat milioi, aurrekontu osoaren ia erdia) eta produkzio-ekonomia, berrikuntza nahiz garraio publikoari pisua emateak Eider Mendoza buru duen Aldundiak zein eredu darabilen erakusten dute politika publikoak egiteko.
Berri ona da Elkarrekin Podemosekiko akordioa ere. Oso da berri ona akordioek zatiketak eta demagogiak baino gehiago balio izatea. Polarizazioaren eta trintxerako politikaren aldian, Gipuzkoarako onena bilatzeko heldutasun politikoa eta elkarrizketarako eta akordiorako gaitasuna agertzen du.
Gipuzkoa ondo badabil, Euskadi ondo dabil. Eta Euskadi ondo badabil, Gipuzkoa ere bai. Eusko Jaurlaritzak ere aurrekontuak izango ditu, gauza bera Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek, eta orobat Nafarroako Gobernuak. Gipuzkoa aurrera doa eta aurrera doa Euskadi. Euskal errealitate hau guztiz bestelakoa da Espainia eta Frantziakoen aldean, ia egoera dramatikoan aurkitzen direla esan liteke.
Baina, beti bai baita bainaren bat, bada hain ona ez den albiste bat: EH Bilduk ez du inoiz itunik egiten ez Eusko Jaurlaritzarekin ez Gipuzkoako EAJrekin. EH Bilduk kanporatzen du bere burua, hori bai, akordiorako beti prest daudela esanez azaltzen dira eta gero beti aitzakiak, besteon bizkarrera botaz nahi ez izatearen zama. Arrazoi herren eta motza, ez baita egia, are gutxiago Eider Mendoza diputatu nagusiaren kasuan, konbentzituta, gogotik saiatu baita akordioak lortzen, ez beharrak bultzatuta bakarrik.
Honetan guztian bada gauza bat bitxia: hemen ezina dena Madrilen eta Nafarroan egina gertatzen da, EH Bilduk ia automatikoki egiten baitu ituna. Hitzarmena hitzartu nahi duenak egin ohi du eta Gipuzkoan EH Bilduk ez du nahi, interes alderdikoia bezain miopea daukalako. Eta hori berri txarra da herriarentzat.
Egiazko arazoa zera da: ezker abertzalearen kultura politikoan ez dela akordiorik nahi izaten. Irtenbideei baino errenta handiagoa ateratzen diete arazoei. Uste izaten dute liskarra non hantxe dagoela zer irabazi. Irabazi zeinek? Beraiek, noski, horixe besterik ez dute bilatzen. Eta ezezkoan kateatzen dira.
Hauxe da beren miopia historikoa, betiko begirada motza. Jende askok jarraitzen die, bai, eta nahastu egiten dituzte jende asko eta “gehiengoa”. Baina gure herriko gehiengoak bestelako giltzarriak ditu, arazoak konpontzen dituen politikarenak.
Podemosekin aurrekontuak adostuta, berriz ere –Erreforma Fiskalean bezala– jokoz kanpo geratu da EH Bildu. Jada alferrikakoa dute “eskuina”-ren mantra artifizial hori, hain eroso sentiarazten dien jarduna. Eskuin-ezker polarizazio hori, zuzenean Espainiatik ekarri dutena izan ere, bigarren mailara baztertuz eta, esan ere esan liteke, malapartatuz Gipuzkoako eta Euskadiko alderdi erabakigarria: zentzu politiko abertzalea, herri honetako bizkarrezur politiko nagusia. Bildu “espainiar” polarizazioan jokatzen dabilen bitartean, EAJ-PNVn Euskadiren eraikuntza nazional eta sozialean ari gara.
Euskaraz “hamaika” hitzak kopuru handia ere adierazten du. Oraingoarekin hamaika aldiz esan dio ba ezetz EH Bilduk Gipuzkoako aurrekontuari. Osoko Bilkuran nabarmen geratu zenez, harrapatuta dauzka beraien nagusikeria politikoak, ez die uzten ados jartzeak ematen dien zorabioa gainditzen, nahiz eta itunak gipuzkoarren onerako izan.
Azkenik, beste albiste on bat: Gipuzkoa lurralde liderra da Eusko Alderdi Jeltzaleak akordioak eta konponbideak eragiten dituelako. Langabezia Gipuzkoan Estatuko baxuena izan zen 2024an eta eurogunekoaren azpikoa. Gazteen langabezia, ekainean, %6’4koa zen, Estatuko baxuena (%20’2) eta Batasunekoaren erdia ia. Gure industriaren pisua %23’7koa da (2023), Espainian %14’7koa eta Europan %18’2koa. Berotegi-eragile diren gas isurketaren aurkako borrokan buruan dago Gipuzkoa. Estatuan batez besteko soldata altuena daukagu. Gipuzkoak, Eslovakiarekin batera, Europako desberdinkeria tasa baxuena du eta, Eurostaten arabera, pobrezia arriskua %10etik behera duten 28 eskualdeetako bat Euskadi da (Estatu espainiarreko bakarra; Estatu frantsesean batere ez). Saiatzean eta akordioan oinarritutako politika publikoak kudeatzea zer den erakusten dute datu horiek.
Berri onekin amaituko dugu 2025 urtea. EAJ-PNVn aurrera goaz, aurrera begiratuz, elkarrekin lan eginez, akordioak eta konponbideak bilatuz. Halako batean, agian, EH Bilduk utziko du negatibismorako duen zaletasuna eta bilduko da akordiora, Euskadin eta Euskadiren alde bat etortzen ikasiz, hala nola Gipuzkoan eta Gipuzkoaren alde. Hobe lukete, berandu baitabiltza, oso berandu ere. Beraiek ikusiko dute.
Sorry, the comment form is closed at this time.