20 api. Inoiz jaio gabeko historia
“Kontziente gara borroka armatuaren garai luze honetan samin handia eragin dugula. Konponbiderik ez duen kalte asko ere. ETAren ekintzek eragindako hildako, zauritu eta biktimei, gatazkaren ondorioz kaltetuak izan diren heinean, errespetua agertu nahi diegu. Zinez sentitzen dugu.
Akatsen ondorioz edo akats izan diren erabakiak hartu izanaren ondorioz, gatazkan parte-hartze zuzenik ez zuten biktimak ere eragin ditu ETAk, bai Euskal Herrian bai Euskal Herritik kanpo. Badakigu, borroka armatuaren mota guztietako beharrek bultzatuta, inolako erantzukizunik ez zuten hainbat herritar kaltetzera eraman gaituela gure jardunak. Atzerabiderik ez duten kalte larriak ere eragin ditugu herritarren artean. Haiei eta haien senideei barkamena eskatzen diegu. Hitz hauek ez dute gertatutakoa konponduko, ez eta mina arinduko ere. Begirunez diogu, berriro ere inolako atsekaberik sortu nahi gabe.”
Aspaldiko partez, oso aspaldiko partez, Garak gaur dakarren ETAren komunikatua irakurri dut.
Aspalditik entzun dugu aurrera doan udaberri honetan desegingo dela ETA eta, egia esateko, orain artean ez zidan albiste horrek bestelako emozio berezirik sortu “ba huan garaia” pentsatzetik haratago.
Baina gaur, oso aspaldiko partez, komunikatua irakurtzean, bai, ez dakit zer… baina zerbait sentitu det.
Alde batetik burura etorri zait testu interesgarria izan daitekeela eskoletan analisi semantiko eta pragmatiko ariketak egiteko.
Eta bestetik… pena sentitu det. Atzera begirako pena. Ez soilik zuzeneko biktimengatik pena.
Baita… herriarengatik ere.
Ez bakarrik biolentziak zuzenean eragindako kalte ikaragarriarengatik, baizik… ez det asmatuko nola esan, ea horrela: gure baitan sorrarazi duen elkarren arteko gorrotoagatik, ezin moldatuagatik, batzuei aitzaki aproposa emateagatik, urte askotan zehar gotortu den mesfidantza eta polarizazioagatik…
Komunikatu batekin amaituko ez diren gauza guzti horiengatik.
Zein izan ote zen gure historia orain barkamena eskatzera eraman duen bide hori inoiz aukeratu izan ez balute?
Inoiz jaio gabeko historia hori ere ez ote da biktima izan.
Sorry, the comment form is closed at this time.