Euskararen aldia

Makina bat egun euskaraz hitz egiteko, entzuteko, ahobiziak eta belarriprestak. Eta idatzazkarrak ere bai, paperean, digitalean,  euskaraz, begiek ikusteko. Gaztelaniaz eskolatuak izan ginenok eta erdara euskara baino hedatuagoa den inguruetan mugitzen garenean, pentsatzen hasi eta konturatuko gara zein barruraino sartzen den hizkuntza ohitura eta zein nekez aldatzen dugun joera. Hala eta guztiz ere, indar ahaltsu eta kontrako guztiak gorabehera, euskara ez dago gugandik aparte, gure baitan daramagu eta gu geu euskararen barruan gaude. Mundu bat da hizkuntza. Gutako askok ezin pentsatu euskara gabeko mundurik eta Euskadirik.

Koldo Mitxelenari irakurri diot ez dagoela hizkuntza txikirik ez handirik, hiztun asko edo gutxiko hizkuntzak baizik. Eta irakurri dizkiot beste hauek ere, niretzat funtsezkoak: batetik, Euskal Herria gaur egun herri-kontzientziarekin existitzen bada, batez ere, hizkuntzari esker da; bestetik, gutako bakoitzak, euskaraz egitean edo geure hizkuntzatzat sentitzen dugunean, herri honetakoak garela jabetzen gara; eta, hirugarrenik, egungo kulturak uniformatzea eragiten duenez eta desberdintasunak ezabatzea, mesede egiten digu gure hizkuntzak globalizazioan sartzeko, geu izanez, izan ere, adibidez, Frantzia, Espainia edo Alemania herri handiek bereari uko egiten ez badiote beste handiago batzuen menpe jarriz, guk euskaldun izateari utziko al diogu ba, euskarari eta Euskal Herriari uko eginez? Ezta pentsatu ere.

Mitxelenak nabarmentzen duenean herriaren eta hizkuntzaren arteko harremana funtsezkoa dela, Euskal Herria historian zehar era garrantzitsuenean moldatu duena euskara izan dela iritziz, ez da edozer gauza esaten ari. Azpimarratu nahi dut gorriak eta beltzak ikusi ondoren iraun duen hizkuntza dela, berez desagertua behar zuena, bizi nahi bat eta bizi indar bat izan ez balira. Gure hizkuntzari eta, beraz, gure Herriari egindako erasoak izugarriak izan direlako Bidasoaz bi aldeetan. Kultur genozidioa deitzen dute batzuek, talde baten izaera edo identitatea suntsitzea baita helburua. Zoritxarreko sarraskia egiten arrotza hasten da baina bertakoen laguntza izaten du gehienetan. Adibide bakan batzuk: 1704. urtea, Oiartzungo udalak maisua hartu zuen eta agindu “Yten, que les aya de enseñar a los muchachachos [sic] que asistieren a él a leer, escriuir, contar y dotrina christiana, yntroitos y romanze, dándoles para ello los acusadores y palillos que combengan para mayor cuydado y vijilancia, de manera que los dichos muchachos dentro de la escuela y fuera de ella, en las plazas y calles, no ayan de hablar vascuenze sino castellano vnos con otros, poniéndoles para ello penas, acusadores y palillo”. Iraultza Frantseseko Izualdian, milaka pertsona ‘ez-frantses’ zirelako garbitu zituzten urteetan, la terreur linguistique ezarri zuten 1794an, eta gupidarik gabe zigortu zituzten umeak frantses hiritarrak egiteko eskoletara beharrean bestelakoetara bidaltzen zituzten gurasoak eta frantsesa egiten ez zuten haur eta irakasleak; hezkuntza haren ideologoetako batek Iraultza eta Errepublika frantsesaren etsaiak ikusten zituen Iparraldean eta beste toki batzuetan eta erabaki zuen eskualdeetako hizkerak desagerrarazi beharra zegoela: “federalismoak eta sineskeriak behe bretoiera hitz egiten dute eta errepublikarekiko gorrotoak alemana, kontrairaultzak italiera egiten du eta fanatismoak euskara. Suntsi ditzagun gaitz eta okerbiderako tresna hauek”. Hurbilago eta aire haiek arnastuta, frankismoa: 1949an Gernikako alkateak Gobernadorearen abisua, biziak eta hilak bakean utzi ezinik: “Se requiere a los familiares y propietarios de las tumbas o panteones donde figuran inscripciones en vascuence, para que sean retiradas las losas y sustituidas las citadas inscripciones por otras en castellano.” Egoera makur honetan izan zen ahotsa altxatzera ausartu zenik, herriari eusteko, adibidez, oihartzun handia izan zuen 339 apaizen idazkia: “Si las piedras de un monumento nacional se cuidan por la belleza de su arquitectura y el reflejo que conservan del alma de la época que las labró, el euzkera, instrumento necesario para la evangelización y cultura del Pueblo Vasco, tiene derecho ante la Iglesia y ante la civilización, un derecho a la vida y a ser cultivado, cuyo desconocimiento denunciaría en la Iglesia un absurdo y una descarada contradicción, y en la sociedad una política reaccionaria y antihumana hasta el genocidio. Y este es nuestro caso hoy en España. Y no hay razón histórica, social ni política que justifiquen semejante crimen.” Harrigarria da zapalketa ikaragarri horiek jasanda, euskarak bizirik irautea. Jende eta herri miresgarria.

Probatu egin nahi dut ahobizi izatea zer den eta, batez ere, zer gertatzen den. Ez dakit zuei, baina niri behin baino gehiagotan egokitu izan zait ezezagun bat hurbiltzea zerbaitez galdezka, kale bat non dagoen edo egoitzaren bat… jeneralean, ia beti, erdaraz, espainieraz Bidasoako alde honetan. Jeneralean edo beti gaztelaniaz erantzuten diot. Euskaraldia dela-eta, lagun batekin ari naizela, hara non esaten didan bera batzuetan gaztelaniaz hasten dela erantzuten eta berehala euskaraz jarraitzen duela; beste batzuetan, zuzenean euskaraz erantzuten diola espainolez galdetu dionari. Zer gertatzen da? Euskaraz bukatzen dutela hizketan, alegia, maiz euskalduna dela “erdaldun” hori. Orduan, kontua ez da soilik lehen hitzetik norbaiti euskaraz egitea baizik eta, erdaraz egiten digunari ere, euskaraz erantzutea. Ustekabeko asko izango ditugu. Eta sorpresa handiena hauxe da: uste baino euskaldun gehiago garela, gazte nahiz heldu.

Batez ere Donostian gertatzen zaizkio horrelakoak nire lagun honi, bertakoez gain kanpoko jendearen joan-etorria handia izaten baita hiriburuan. Hirietan belarria erne jarri eta ez da erraza izaten euskara entzutea. Baina beti ez da gertatzen euskaldunik ez dagoelako baizik euskaldunak gaztelaniaz egiten dugulako. Baita geure artean ere, denok euskaraz jakin arren. Hau da gure oker handia, ez beste inorena. Bere txarrean, gauza bat du ona: zuzendu dezakegun hutsegitea da. Izan ere gure esku baitago euskaraz egitea, askotan. Erabakitzea da kontua, eta hastea. Eta hasiz, ohitzea. Konturatzerako ohitzen da bat euskaraz egiten, euskaraz erantzuten eta galdetzen, lehen hitzetik. Hizkuntzak ohiturazkoak ere bai baitira. Horrek bultza lezake erabilera. Izan ere, bi euskaldunek gaztelaniaz –edo frantsesez–, bi erdaldun dirudite, eta inguruak usteko du hor ez dela euskaldunik. Benetan ezkorra eta toxikoa da animo indibidual eta kolektiborako. Bada, alderantziz egin ezkero, bi euskaldunek euskaraz eta beste bik ere euskaraz, lau ez, bost euskaldun emango genuke, ez ala? Erdaraz egiteak urritu egiten du gure hizkuntza, eta txikitu euskaldunon elkartea, eta euskaraz egiteak ugaldu eta handitu. Aizue, eta altxa egiten du gogoa. Behar ditugu animo-pizgarriak.

Poz ematen dit Euskaraldiak. Ikusirik nola itsatsi den ekimena, gizarte eragileek eta aginteak elkar hartuta, herriak eta erakundeak. Milaka gazte eta heldu ageri dira sarean euskarari baietz esaten, euskaraz. Itxaropena ematen du bategite handi honek. Euskarak gutako bakoitza behar gaitu baina hau ez da soilik norbanako kontu bat. Hori ere bada, noski, herria ez baita jende anonimo eta are gutxiago axolagabeko elkarte bat, herria egunero egiten den errealitatea baita eta egin, geuk egiten dugu, gutako bakoitzak. Hor dago euskararen etorkizuna, gutako bakoitzean eta gure herri elkartean.

Euskaraldia itsasoan doan trainerua irudikatzen zait, bertan goazen guztiok batera eta norabide berean arraun eginez. Zakartu daiteke itsasoa, urak handitu eta haizea harrotu, globalizazio indibidualista eta kontsumista medio edota Espainiako eta Frantziako eramanezina tarteko. Baina gure borondatea, gogoa eta erabakia dira funtsezkoak. Idazki hau euskaraz egin dudanez, nire buruari jarri behar diot eginkizuna: euskara denerako da gai eta duin, baita politikaz idazteko ere. Hemendik aurrera, artikuluak euskaraz ere bai. Euskaraldia irauteko datorrelako.

Tags:
Ez dago iruzkinik

Sorry, the comment form is closed at this time.