Gaur Baionara

Ipar Euskadiko zenbait euskaltzalerekin euskararen inguruan eginiko solasaldi luzea argitaratu berria da Argia aldizkaria. Itxaro Bordari esaldi hau irakurri diot: “Probokatzailea ematen badut ere, uste dut euskara galtzen ari dela abertzaleen munduan ere bai. Badago diskurtso bat euskararen gainean erdaraz egiten dena. Abertzaleen artean ere euskarak sinesgarritasuna galdu du.” Hori irakurri ondoren, ezinezkoa egin zait hau euskara ez den beste hizkuntza batetan idaztea. Izan ere, eta tamalez, Euskal Herriko lurraldeen arteko euskararen bilakaera eta egoera ezberdina izan arren, ez ote du Bordaren esaldi horrek guztietan gertatzen ari denaz zer pentsatu ematen?

2016an egin zen VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, zenbat gara euskaraz hitz egiteko gaitasuna dugun euskal herritarrak? %28,4. Beste %16,4 euskara ulertzeko adina dakitenak. Beraz, Euskadiko zazpi lurraldeak kontutan hartuz, bertan bizi direnen %55,2 erdaldunak dira. Egia da, bestalde, gure Herria zatitzen duten hiru eremu politiko-administratiboetan egoera ezberdina dela: Euskal Erkidegoan %33,9a zen euskaldun orain bost urte. Nafarroan, %12,9a eta Iparraldean %20,5a. Egoera ez ezik, joera ere ezberdina da: gorakoa Erkidegoan eta Nafarroan, nahiz azken honetan hazkundea askoz apalagoa izan; baina Iparraldean nabarmen da beherako joera. Zalantzarik gabe, euskararen bilakaera errotik dago baldintzatuta eremu bakoitzeko agintarien borondatearen arabera: non aldeko baldintzak jarri, han, zailtasunekin bada ere, gora egingo du. Baina utzikeria eta oztopatzeko asmoa nagusitzen diren lekuetan, gure hizkuntzak geroz eta arnas gutxiago du, itotzeko zorian egoteraino.

Ez daukat azken bost urte hauetako bilakaeraren berri. Baina gero eta susmo handiagoa dut mehatxuak ugaritzen ari zaizkigula. Alde batetik, eskolatik euskara sustatzeko ahalegin berezia egiten ari garen Lurraldeetan –Erkidegoa osatzen duten hiru Lurralde Historikoen kasuan–, erabilera ez dator bat ezagutza mailarekin: geure artean, era naturalean, euskaraz hitz egiteko ohitura zabaltzen joan beharrean, galtzen ari garela dirudi. Nagusitu egin da “euskararen despolitizazioaren” ideia lagungarri zaiola hizkuntzaren normalkuntzari. Despolitizazioa, behar bada; baina, erosotasunaren eta indibidualismoaren garai hauetan, ez ote du euskarak, oraindik ere, “militantziarik” behar? Bestalde, euskara lagun artean bizi-bizirik baino museo batean gorderik nahiago duten horiek –eta ez dira gutxi– “despolitizazio” eskuzabal batekin joketzeko prest ote daude? Edo, akaso, ez ote daude Konstituzioaren defentsak eskaintzen omen dien bermearen atzean erdi-ezkutaturik, lasai asko?

Orain gutxi Euskal Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiarekin bukatu nuen aurreko asteko artikulua: Irungo Udalak udaltzainak kontratatzeko abian jarritako euskara-eskakizuna baliogabetzen duen erabakia, erdaldunek funtzionario izateko duten eskubidea lehenetsiz, euskaldunek funtzionarioekin euskaraz jarduteko eskubidearen gainetik. Ikuspegi politiko espainolez blai, epaitegiak hankaz gora jarri nahi izan du Euskal Erkidegoan azken berrogei urteotan eraikitako legezko sistema. Kolpe batean Euskal Herrian euskaraz jardun nahi dugun euskaldunak bigarren mailako herritar bihurtu gaituzte, Espainiako Konstituzioarekin talka egiten baitugu, nonbait.

Nafarroan ere urak arre datoz. Jakina da nafar eskuinak, espainolista porrokatua eta antieuskaldun amorratua, etsaitzat duela euskara. UPNren izenean euskaraz eta euskararen aurka inoiz entzun izan dut baten bat, eta ondo gauza ulerkaitza eta  eskasa iruditu izan zait. Hala ere, egia da gehien-gehienek erreparorik gabe jarduten dutela euskaraz tutik jakin gabe, etengabe zangotraba non eta nola jarriko. Azken adibidea aipatzeagatik, astelehenean iragarri zuen Navarra Sumak Iruñeko Mankomunitatearen erabaki baten aurkako helegitea: Herritarren Arreta zerbitzurako langile elebiduna hartzeko erabakiaren aurkakoa, hain zuzen. Eskuindarren esanetan, erabaki hori “herri-administrazioen euskalduntzean aurrera egiteko beste saiakera artetsu bat da”. Eta, nola ez ba, “Konstituzioaren aurkakoa”. Nafar euskatzaltzale eta abertzaleek ez dakit euskara “despolitizatu” ote duten. Baina argi dago nafar espainolistek ez dutela hizkuntza despolitizatzeko inolako asmorik.

Baina ez da soilik Navarra Suma-ren kontua. Hor dabil, orain gutxi Geroa Bai berak salatu duen bezala, María Chiviteren gobernua –gutxienez, PSOEk duen gobernu zati gehiengoduna– euskarari trabak jartzen, eta bide batez, gobernu-programaren hitza jaten. 2019an, UGTk ezarritako helegite baten ondorioz, Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Euskararen Dekretuaren zenbait eduki, hain zuzen, lan-eskaintza publikotan euskara merezimendu bezala aintzat hartzen zituen atalak. Alderdi Sozialistak egoera konponduko zukeen beste arau bat agindu zuen, baina oso-oso gogo gutxi azaltzen ari da Nafarroa osoan euskara meritu bezala defendatzeko. Zein da guzti honen emaitza? Ba Tuterako Udalak oposizio batean merezimendu bezala alemana baloratu dezakeela baina Tuteran euskara jakiteak ez duela balio oposizio bateko puntuaketa igotzeko. Horrelako gauzak gertatzen zaizkigu euskaldunoi Euskadin. Azkenengoa, herenegun: PSNek euskararen ofizialtasunaren aurka bozkatu du Nafarroako Legebiltzarrean. Martxoan, Espainiako Kongresuan PSOEren aldeko botua itxura-egite hutsa izan zela agerian utziz, bide batez.

Eta Iparraldean gertatutakoaz zer esan? Apirilean Frantziako Asanbleako gehiengo batek “eskualdetako hizkuntzei” bide berria zabaldu zien. Albiste pozgarria izan zen. Baina Macronen hirurogei legebiltzarkidek legearen aurkako helegitea ezarri zuten Kontseilu Konstituzionalaren aurrean. Diotenez, helegitea xaxatzen Hezkuntza ministroa ibili zen, Jean-Michel Blanquer, “Kataluinan gertatu denaren antzekorik ez dut nahi hemen” esan omen zuen, hizkuntzak eta herri-izaera politikoak duten berezko lotura aitortuz. Legeak sortutako poza, arrangura bihurtu da Konstituzionalaren epaia etorri denean. Epaiaren arabera, Frantziako eskola publikoan gainontzeko tokiko hizkuntzetan ikasketak gauzatzeko aukerarik ez dago.

Gehiago ere esan du Kontseilu Konstituzionalak: “partikularrak ezin dira baliatu zerbitzu publikoekiko harremanetan frantsesa ez den beste hizkuntza batez”. Beraz, Iparraldean nekez ikusi ahal izango dugu herri-langileen hizkuntz eskakizunen inguruko liskarrik, inoiz ezingo zaie eta euskaraz jakiteko eskatu. “Errepublikaren hizkuntza frantsesa da”, eta kitto. Gero, Macronek, Frantziako presidenteek berezkoa duten estilo harranditsu horretan, “Frantziako hizkuntzak altxor nazionala dira” esan du. Bai, hautsez betetako museoetako apalategietan gordetzen diren “altxor” horietakoak.

Honek guztiak, trabeska bada ere, azken honetan “errepublikaren alde” izandako hainbat eztabaida dakarkit gogora. Apirilaren 14an, Espainiako Errepublika goraipatu nahi zutenen eskutik, debatea izan genuen Batzar Nagusietan. Horrelakoetan, turboabertzale omen direnak Espainiako banderan dezente biltzen dira (hiru kolorekoan), eta errepublikaren ustezko bertuteen laudoriotan bukatu ohi dute, zerbait disimulatzeko. Akordarazi genien Frantzia dela errepublikaren Copyrighta duena. Eta Frantziak ez duela ba begirune handirik izan gurekiko eta gure hizkuntzarekiko. Ez daukagu guk ezer, nola ba, sistema errepublikanoaren aurka. Alderantziz, egunen batean geure buruaren jabe izango garelakoan dihardugu herrigintzan, eta hala izanik, euskal erregerik ez degunez onartuko, geu ere errepublika izango garelakoan. Baina ez dugu ahanzten Frantziako Errepublika zentralista eta uniformizatzailea, azken 232 urtetan gure Herriaren izaera eta hizkuntza desagerrarazteko ahaleginean etsi gabe ari dena. Errepublika? Bai. Baina segun eta nolakoa. Izatekotan, geurea.

Frantziako Errepublikako Konstituzioaren 2. artikulua: “La langue de la République est le français” eta Espainiko Erresumaren Konstituzioaren 2.goa: “La Constitución se fundamenta en la indisoluble unidad de la Nación española”. Gogorra da, gogorra denez, euskaldunoi Espainia eta Frantzia artean zatituta eta menderatuta bizi behar izatea egokitu izana. Biak ere, bakoitza bere erara, beti uniformatzen: “la langue de la République est le français”; “el castellano es la lengua española oficial del Estado” (CE) edo “siempre la lengua fue compañera del imperio” (Nebrija, Errege Katolikoei) edo garai bateko “¡hable en cristiano!” hura, edo gaur egungo helegite eta epaiak… Frantzia eraginkortasun handixeagoarekin, egia esan. Espainia, erabat mendean hartu ezinik. Biak ere beti gure kaltetan.

Koldo Mitxelenak ondo laburbildu zuen: “Euskal Herria gaur egun herri kontzientziarekin existitzen bada, batez ere hizkuntzari zor zaio”. Hizkuntza eta Herria bat eginda daude, beraz, eta berezko lotura hori nekez “despolitizatu” daiteke. Blanquer ministroak badaki hori. Abertzaleok ez dezagun ahaztu. Horregatik, gaur arratsaldeko 4etan Baionan izango gara, euskarak, itoko ez bada, euskaran murgiltzea behar duelako, eta baita gure militantzia ere.

Ez dago iruzkinik

Sorry, the comment form is closed at this time.