Hauteskunde bezpera

Hauteskunde bezpera. Une erabakigarria bihar. Herritarrok dugu giltza Gipuzkoaren eta herri bakoitzaren etorkizuna aukeratzeko. Zure esku eta beste guztion esku dago. Ez da erantzukizun makala. Bi eredu nagusiren artean, bakarra izango da garaile. Jokoan dagoena EAJ-PNVren politika eraikitzailea eta egingarria aukeratzea edo EH Bilduren politika apartsua, ezkortasunez eta hutsalkeriaz josia.

Eta argi, erne, garai batean ez bezala, orain txuriz jantzita agertzen zaigun markarekin. Kontuz identitate politikoa mozorrotzen dutenekin. Telebistako debate batean, deigarria izan da Maddalen Iriartek, Gipuzkoako diputatu nagusitarako EH Bilduren hautagaia izanik, botoa eskatzerakoan ehbildutar hainbat alkateren izenak nola aipatu dituen, eredutzat hartuta edo. Gure herrikoa ere aipatu zuen eta Zumaian EH Bilduren kudeaketa hutsaren parekoa izan delako ausartzen naiz beste herri batzuetarako tankerako kontuak ateratzen. Baina hori alde batera utzita ere, Iriartek nolatan ez du goraipatzen Bilduko diputatu nagusi hura, Gipuzkoan izan genuena 2011tik 2015era? Goraipatu esan al dut? Aipatu ere ez du egiten eta! “XXI. mendeko politikak” behar omen ditugula ere entzun diogu. Horixe baietz, baina XXI. mendean ere denetariko politikak dira posible. Izan ere, Garitanoren Foru Gobernua bera, XXI. mendekoa izan zen.

EH Bilduk gauza bat egin du eten gabe kanpaina honetan. Foru Aldundian agindu zuten lau urte haiek jendearen memoriatik uxatu eta uxo xuria bezala azaldu, ezer urratu ez balute bezalako plantak eginez, gipuzkoarrek erabaki genituenak hankaz gora jarri zituztela inor oroitu ez dadin, herriari errespetua galdu ziotela inor akordatu ez dadin. “Herria” bere osoan Bilduk, eta ez beste inork, ordezkatzen zuen ameskeriaren eskutik, ezker abertzalearen tradizioan errotutako jarrera, bestalde, “herriak ez du barkatuko” eta antzekoak esaten zituztenetik. Gipuzkoako erakunde nagusian, ere, agerian utzi zuten demokraziari destaina egiteko betiko joera. Orain, dena ahaztuta, kito eta primeran. Jantzi txuritan iragana zuritu eta orain dena beraiekin hasiko balitz bezala jardun.

Atzera begiratze eta aurrera begiratze dikotomia faltsu batean jarri nahi gaituzte. Nahiko zinikoa den dikotomia, izan ere, beraiek orain artekoa ezkutatu nahian dabiltzanez, guk geurea isildu beharko genuke EH Bilduren apetari men eginez. Eta ez dugu atzera begiratzeko zaletasun gaixoberarik, ez. Orain arte egindakoa aldarrikatu besterik ez dugu egiten, aurrera begiratzen duten politikak egiteko gaitasuna frogatzen duen ibilbide eraikitzailea dugulako. EH Bilduk inondik inora ez duena.

Bota diezaiogun begirada bat amaitu berri den legegintzaldiari. Lau urteko berezia izan da, besteak beste, inoiz ikusi gabeko pandemia bortitzak eraso digulako. Ahazteko al ditugu zer gauza esan zituzten EH Bilduko ordezkariek? Ez genituzke ba erraz ahantzi behar. Are gutxiago, ahanztura komeni zaiela kontutan hartuz.

Covidaren eraginez ekonomia gelditzeak mundu mailako krisi handi bat ekarri zigun, BPGaren galera izugarria eraginez. Hemen, Euskadin, itxialdian zeuden langileek eta haien familiek birusari adinako beldurra zioten lana galtzeari. Ekonomiaren etena gehiago luzatu ezin zenez, ez behintzat gure familiak larri kaltetu gabe, lanera bueltatzea erabaki zen. Zein izan zen EH Bilduren erreakzioa? Betikoa: katastrofismoa. 2020ko apirilean, Maddalen Iriartek: “okerreko erabakia da lanera bueltatzea”. Otegik, “denok dakigu nork hartu duen erabakia, Confebaskek, baina baita Urkulluk ere”. Are gehiago, Urkullu lehendakariari publikoki bota zion ea “gai ote zen langileei eta hauen familiei begietara begiratzeko”. EH Bildugatik izan balitz, auskalo non geundekeen, izan ere oraindik zortzi hilabete falta ziren txertoak eskura izateko.

Jardun egin behar da gero horrela. Klase okerreneko politikakeriaz tremendismoa egiten. Egia, benetako egia, zein da? Bai Osakidetzak eta bai Foru Aldundiak pandemiaren kudeaketa eredugarria egin zutela. Eta gardentasun osoz, beste batzuk ez bezala, egiazko datuak eman zituztela.

Baina gustukoa dute etxekalte eta herrikalte ibiltze hori, horrela ibiltzen dira behintzat eta. Beti ezkortasunean murgilduta, errealitatea ukatzen. Jakina da errealitateak arazoak planteatzen dituela eta EAJ-PNV oso kontziente da horretaz. Hain zuzen, arazoei aurre egiteko gaude. Baina hala ere, arazoak arazo, Euskadin eta Gipuzkoan egiazko errealitatea ez da EH Bilduko hauek sinestarazi nahi digutena, ezta urrutitik ere.

Azken lau urte honetan EH Bildu jo eta ke ibili da ezezkoa ematen, kontra egiten eta PNVren eginahalari kritika latzak botatzen. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ikusi dugu. Batek pentsa dezake normala dela oposizio lanetan dabilenak bere kritika eta bere kontrakotasuna agertzea. Eta bai, neurri batean, hala da. Baina, beti? Apenas salbuespenik gabe kontra egotea normala al da? Guk zuria, haiek beltza. Guk A, haiek Z. Ezker abertzalearen iritzia PNVren iritziari kontra eginez sortuko balitz bezala.

Lagun batek esan ohi duen bezala, gauza bat da “ezkerra” izatea eta bestea, “ezkorra” izatea. Hain “ezkerrak” direla dioten hauek ezkorrak badira, izan. Hauteskunde kanpaina hurbildu den arte bai, behintzat. Izan ere, azken boladan, hautagai direnek bestelako plantak egiten dituzte eta: konfrontaziotik ihes egin ezinik, leun-leun, historiarik gabe, sortu berriak.

Ezkerreko izatearen kontu hori dela eta, orain egun batzuk Iker Casanovari, Bizkaiarako EH Bilduko hautagaiari, honelako zerbait entzun genion: “herri honetan gehiengoa ezkertiarra eta progresista da, baina eskuinak gobernatzen du” –alegia, guk, EAJk–. Ez da lehen aldia Bildukoei antzekoak entzuten dizkiegula. Ba oso-oso gaizki aplikatzen dute logika. Berez, logika ondo aplikatuz, ondorioa oso bestelakoa da: herri honetan gehiengoa progresista bada eta makina bat bider gehiengoak PNV aukeratu badu, konklusioa EAJ-PNV progresista dela da. Eta hala da.

Aste honetako adibide pare bat: “European anti poberty network” delako erakundeak atera berri duen txostenaren arabera gurean pobrezia arriskua %12,2 da -Estatuan %20,4; Extremaduran, %30 eta Finlandian %12,7-. Eta, aldiz, pertsona bakoitzeko errenta, erkidego guztien artean, altuena, 16.427 eurokoa, Estatuko bataz bestekoa baino 3.419 euro gehiago pertsona bakoitzeko. Beste datu bat: Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen ditu Estatu guztiko mendekotasun laguntzen %70. Gipuzkoak, Estatu osoko %70. Eider Mendozak eman du datua debate batean.

PNV abertzalea da eta aurrerakoia abertzalea delako. Gure abertzaletasunak helburu bat dauka: gizon eta emakume askeak Euskadi askatu batean. Ez dugu bestelako kalifikatzailerik behar: abertzaleak gara. Beraiek dira, Bildukoak, Espainiatik ekarritako konfrontazio ereduetan murgilduta dabiltzanak. Gu ez. Guk balore komunitarioak lehenesten ditugu: Herri honetako seme-alabak gara eta duenak ahal duena eman behar du, behar duenak beharrezkoa jaso dezan.

Horregatik dira, EAJ-PNVrentzat, txanpon bereko bi aldeak ekonomia lehiakor eta berritzaile bat lantzea eta herritarrentzat babes soziala garatzea. Ekonomia indartsu batek ez digulako balio justizia sozialik gabe. Eta ezin delako justizia soziala indartu herri-aberastasuna sortuko duen ekonomia lehiakorrik gabe.

Hauteskunde aurreko erasoaldia ez da makala izan. Aspaldi – oso aspaldi- hasi zuten Osakidetzaren aurkakoa; ikusi dugu Donostian PNVko udal gobernuaren aurka jotzeko estrategia landua -turismotik bizi diren 15.000 bat lagun mespretxatuz, bide batez- edo Tolosan etengabe astindu dituzten pankartak, edo Andoainen edo… berdin dio non eta zein den aitzakia. Batzuen asmoa gauzak bere onetik ateratzea da. Eta EH Bilduren estrategia, dinamika horretatik sortu dakiekeen etekinaren esperantzan, kapatxa zabal-zabalik mantentzea. Ez da parte onekoa horrela jardutea.

EH Bilduren hautagaiak orain ez dituzue berehala ikusiko pankarten atzean. Ezkutatu egin dira. Baina tremendismoaren estrategia politikoari uko egin gabe: bitartekari mordo bat aktibatu dute periferiatik “pankarta lana” egiteko, dena ezin okerrago dagoela esan eta esan. EH Bilduk bere hautagaiei  Instagrameko filtroa aplikatu die eta, era berean, Gipuzkoako eta Euskadiko egoera beltzez desitxuratzeko photoshop mordo bat erabili.

Errealitatea, gorabehera eta arazo guztiekin, ez zaie interesatzen. Errealitatea benetan dena baino askoz ere beltzagoa behar zuten EAJri higadura sortzeko eta, beraz, ahal izan duten guztia egin dute “photoshop politikoa” eginez egia belzteko. Era horretan, jendeari motibazioa galarazi eta abstentziora bultzatzeko. Hauteskunde hauetan, Bilduk aliatu bat dauka eta abstentzioa da bere izena.

Arzalluzek erabiltzen zuen metafora gogora ekarriko dut, gure ibilbidearen irudia: PNVk aspaldi erabaki zuen 75, 100 eta 150 kiloko harriak jasotzea. Beste batzuek, 100 kilokoa ziztrina irudituta, 300ekoa altxatuko zutela esan zuten. Harrez geroztik PNVk milaka kilo jaso ditu plazan, aldiko bakoitzean herria altxatuz. Bitartean, beste horiek ezta mugitu ere beren harritzarra, 300 kilokoa lurrari itsatsita hor dago, sasitza ere sortu zaio inguruan.

Bi ereduen arteko aldea. Aukera egitea, zure esku dago. Zure botoaren indarrak erabakiko du Gipuzkoarako etorkizun eraikitzailea edo arazoak ekarriko dituena.

Ez dago iruzkinik

Sorry, the comment form is closed at this time.