Konstituzioa, uaxapa eta Polonia

Konstituzioak –espainolak– berrogei urte beteko ditu datorren astean. Espainian ekitaldiak eta ospakizunak antolatzen ari diren bitartean, Euskadin prest gaude abenduko zubia igarotzeko, ahalik eta ondoen.

“Zubia eduki” arren, baliteke konstituzionalista direlakoek botako dituzten handikerien oihartzunak heltzea guganaino: erdia gorespen eta laudorioak, eta beste erdia aldaketen promesak, esaten errazak bezain gertatzen zailak. Isildu gabe ibiliko dira “demokrazia” eta “Zuzenbide Estatua” esaka. Politika espainiarrean ohikoa denez, bi kontzeptuok txalotu egingo dituzte hitzaldietan eta, are ohikoagoa denez, goraipamenak autokritika arrastorik gabe egingo dituzte.

Gertaera hauek ez lirateke neurtu behar master sonatu haiek zabaldu zirenean “eragindako eskandalu sozial” haren eskala berarekin, ez. Gertaera hauengatik askoz gehiago kezkatu beharko genuke, zentzu kritikoa dugun herritarrak izanik, kanpaina mediatiko jakin batek irauten duena baino areago.

Izan ere ez da aski Konstituzioak lehen artikuluan esatea, hotsandiz: “Espainia Eskubidezko Estatu sozial eta demokratiko batean eraikitzen da”. Ez demokrazia ez Zuzenbide Estatua ez dira kontuak, borondate eta praktika demokratikoak behar dituzte, eskubide eta askatasun publikoak aintzat hartzea benetan, ez gogoaren edo komenientziaren arabera. Eta gainera, demokraziak eta Zuzenbide Estatuak behar-beharrezkoa dute beste gauza bat: botere-banaketa.

Botereen banaketa funtsezkoa da edozein sistematan, demokratikotzat hartua izatea nahi bada. Atera kontuak zenbaterainoko baldintza den hori non, 2017an, Europako Batzordeak boto-eskubidea kentzeko prozesuari ekin baitzion Europar Batasuneko Itunaren 7. artikuluari helduz lehenbiziko aldiz. Zer dela eta? Auzitegi Goreneko epaileetako batzuen “irteera behartu” zuelako Poloniako Parlamentuak onartutako erreforma judizialak. Europako Batzordearen arabera, erabaki horrek “arriskuan jarri zuen botere-banaketa” eta ondorioz, Donald Tusk-ek, Europako Kontseiluko presidenteak, esan zuen: “Varsoviaren azken erabakiek europar balio eta estandarren ukazioa esan nahi dute eta kinka txarrean jartzen dute demokrazia poloniarraren ospea”.

Ez dut zalantzarik Batzordearen arrazoiez Poloniari espedientea irekitzeko –hango Gobernua eten gabe ari da erakusten ez dituela betetzen estandar demokratikoak–. Nolanahi ere, kasu honen aditzera albiste apur batzuk irakurrita besterik ez daukat. Baina jakin nahi nuke Tuskek zer dioen Ignacio Cosidók Senatuko PPko taldeari bidalitako uaxapari buruz. Hau ez da berriketa.

Cosidóren mezuaren edukiak erakusten du Estatuan zertan den botere-banaketa eta, beraz, ederki neurtzen du Espainiako Zuzenbide Estatuko demokraziaren kalitatea. Lotsa izpirik gabe agertzen du Estatuko bi alderdi handien negoziaketaren emaitza, bi alderdi “konstituzionalista” nagusien arteko tratua elkarren artean banatzeko epaileen gobernu-erakunderako eta Auzitegi Goreneko presidentetzarako izendapenak, Konstituzioak berak dioenari iruzur nabarmena eginez. Izendapenak nola banatu zituzten berri ematen du eta partiketa horrek hankaz gora bota du Estatuko botere-banaketaren ipuina mantentzeko tartea. Ez bakarrik Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Auzitegi Goreneko presidentziaren banaketa baizik eta, mezua idatzi duenak harro-harro dio “jokaldi borobila” dela “jokoan zegoelako Auzitegi Goreneko bi herenen hurrengo berritzea” eta “aginte judizialeko ehunka izendapenen” –ehunka!–, “PPrentzat hil edo bizikoak”. Pentsa al liteke beste “ehunka” batzuk “beste tratugileari” zegozkiokeela?

Lohikeria ez da, ordea, hor bukatzen. Tratua eginda, PP pozik zebilen “Prada –Gurtel auziko epailea–Auzitegi Nazionaletik ateratzeaz”, “hobeto dago bokal gisa PPren aurkako epaiak jartzen baino”, eransten du mezuak. Alegia, “jokaldia” ustelkeria auziak mozteko ere bazen. Are gehiago: hitzartu zuten Manuel Marchena izango zela Auzitegi Goreneko buru, baina Bigarren Aretoa “kontrolatzen jarraitzekotan atzeko aldetik” –hots, independentista katalanak matxinadagatik auzipetu dituen aretoa mendean edukitzeko etorkizunean ere–, eta “61. Aretoaren buru izaten jarraitzeko” –alderdi politikoak legez kanpo uzteko auziak bere esku dituen aretoa–.

Hau guztia argitara atera eta gero, Marchena epaileak uko egin zion Auzitegi Goreneko presidente izateari eta esan zuen: “Inoiz ez dut jo epaile lana halako edo bestelako aukera politikoren zerbitzura dagoen tresnatzat”. Marchena luzamendutan ibili izanak ez die eragotzi Fiskalari –eta beste batzuei– epailearen “eskuzabaltasuna” goraipatzea kargua hartzeari “uko egiteagatik”. Baina Cosidóren uaxapak zioen bezala, “Marchenari jarri zion betoa Rubalcabak –PSOE– 2013an”… Hortaz zertan gara, egunak igaro dira uko egin duenerako, ala urteak?

Jakina, Procesagatik auzipetuek Marchena baztertzeko eskatu dute. Fiskaltza, ordea, aurka dago zeharo, esanez buruzagi independentisten abokatuek aurkeztutako idazkia “arrazoi aldetik oso urria dela”. Izan ote daiteke zinismo handiagorik arrazoitzeko premia dagoela esatea baino, are gehiago, epaileria politikaren menpe dagoela argi egonda?

Tusken mugikorra bagenu bidaliko genioke uaxapa Cosidóren mezuarekin, ea zer irizten dion. Dokumentu hori ez da nolanahikoa. Ikasgaitarako hartu beharko lukete Estatuko Zuzenbide fakultate guztietan, Zuzenbide Konstituzionalean, eta adibidetzat ipini Zuzenbide Estatu bat zer “ez” den erakusteko.

Gai honen barruan sartuta dago gertatu berria den auzi bat, batzuek “Auzitegi Goreneko barne-gerra” deitu dutena. Justizia eta legearen arabera ebatzi behar duen Auzitegia, goitik behera irekita ikusi dugu hipoteken zergari buruzko epaia dela medio. “Gerra” honetan ez dago garbi bi aldeen arteko desadostasunaren zergatia: araua errotik desberdin ulertzen dutelako den, edo “arauaren” eta “justiziaren” arteko desadostasunagatik den, edota bankuen aldeko biraketa lege-arrazoiengatik izan den edo jurisprudentziagatik edo “interesengatik” –Luis Mª Díez Picazo magistratuak “gelditzeko agindu zuen”, ohar batez adieraziz “eragin ekonomiko eta sozial ikaragarria” izango zuela–. Dena dela, bi hitzetan esanda, harri eta zur gelditu gara gorabehera honekin.

Hala ere, bi adibideek, Cosidó eta Díez Picazorenek, nahiz eta agerian utzi legea oso gai dela epaiak ematen dituztenen ideologien arabera irakurria izateko, alderdi konstituzionalistetako bozeramaileek izugarri gogokoa dute legediaren irizpidea. Batez ere, euskal eta katalan nazioen erabakitzeko eskubideari legea aurka jartzen diotenean. Auskalo zenbat aldiz esan diguten konstituzionalistek erabakitzeko euskal eskubidea nahiz katalana “ilegalak” direla, “Konstituzioaren aurka doazela”, Estatus Berriaren Oinarriak “Konstituzioaren eta legearen kontrakoak direla”. Baina… ez al da alderantziz, ba? Ez al du ba demokraziak egiten legea? Ahaztu egiten zaie, ondo asko konturatu arren, ñabardura txiki bat: legeak betetzeko dira baina ez dira aldaezinak. Herri bateko gehiengoak bere borondatez demokratikoki adierazten badu legea aldatu nahi duela, aldatu beharra dago. Horixe da demokraziaren irizpidea, oinarri demokratikoa. Konstituzionalista espainolak balizko legedia aldaezin baten babesera jotzen dutenean, zera egiten dute: lege hori aldatzeaz erabakitzeko eskubidea duen sujetu politikoa dagoela ukatu.

Horiek nahikoa ez eta, Alfonso Alonsori entzunda, ematen du legedia aldaezinaren defendatzaile porrokatua den konstituzionalista batek lurra jo eta hala ere erortzen jarraituko duela, izan ere, esan egin behar da gero, “PPk ez duela utziko” Euskadik  espetxeetako eta Gizarte Segurantzako transferentziak eskuratzea, erreferendumez onartutako Lege Organiko bateko 10 eta 18 artikuluak, Gernikako Estatutua bera.

Tira, horiek denek berebiziko hitzaldiak egingo dituzte “demokrazia” eta “Zuzenbide Estatua” ospatzeko, okerrik batere aitortu gabe, Konstituzio espainiarraren urteurrenean. Guk zubia egingo diogu. Orain 40 urte abstenituz igaro genuen Konstituzioa. Eta gaur ez dugu ospatuko.

Ez dago iruzkinik

Sorry, the comment form is closed at this time.